XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SORGINEN BELDUR JATSUKO Uztaritze aldeko Jatsu, Haltsu, biak igualtsu erran zahar honek, egia diola? Ez da batere segurra! Gaur, Jatsu hortaz ariko gara.

Hau ezagutu eta gero gogoetak egiteko bego!.

Aspalditik, Jatsuko karrikan, hiru emazte zahar, auzokoak, goiz guziz, beren etxe aitzina xahatu eta jatsak, erratzak eskuan, elgarren artean kalakan egoiten ziren, luzaz eta luzaz.

Hiru atso herritar horiek, Jatsu eta inguruko herri guzietan, berriketari famatuak bezala ezagutuak ziren.

Baina... sekulako gauzak jakiten zituzten, gero, berriak beraien erara saltsara moldatzen, eta azkenik denetan zabaltzen: hala nola, egun batez, Baionako apezpikua Haltsura etorri beharra bait zen, Aita Saindua bera, Erromatik, Jatsura bisitaz jinen zelaren zurrumurrua, inguru guzian barreatu zuten.

Bestaldi batez, Jatsuko orduko auzapezak bere emaztea joiten zuela! Gaixo emaztea! Holako senar batekin bizitzea!.

Hainbeste lan, dendaritza lanean egun osoan eta gainera, arratsean, etxeko lanen egiten ari zela, bere senar basati horrek itsuski joiten zuela!.

Auzapez jaunak edaten ote zuen? Zendako? Galdera hauek entzuten ziren, denetan eta azkenean, egia agertu zen.

Egia, egia ezin sinetsia, baina... egia.

Baizik eta, ez zuela auzapezak bere emaztea joiten, baina kontrarioa, emazteak bere senarra, Herriko auzapez jauna, xehatzen!....

Orduan, Jatsuko jendea oldartu zen, egiazki kexatu: berri faltsuak zituzten hiru atso zahar nahasiak, sorgin batzu zirela.